Hezkuntza-eskaintza Batxillergoa 2025-26

Batxillergoa 1



DESKARGATU
                                                                   

 

IKASGAIEN INFORMAZIOA

 

Biologia eta Geologia

Irakasgai hau izango da ardatza osasun-zientziei dagokien aukeran. Informazio zientifikoarekin lotutako gaiak landuko dira, hainbat proiekturen bidez aplikatuz eta gure gizartean gertatzen diren arazoak aztertuz.

Biologia eta Geologia irakasgaia oso lotuta egongo da batxilergoko bigarren mailako Biologiarekin eta Anatomia Aplikatuarekin, eta kontzeptu batzuk datorren urtean sakonago lantzeko sartuko dira.

Unitate guztietan laborategia erabiliko da ezagutzak finkatzeko, hainbat proiektu zientifiko gauzatuz.

Ekonomia 

Irakasgaia gure finantza-erabakiak, nazioen hazkundea eta enpresen eta kontsumitzaileen arteko merkataritza-harremanak arautzen dituen mundura sartzeko atea da. Arlo honetan, ikusiko duzu nola funtzionatzen duten sistema ekonomikoek, prezioetan, enpleguan, aurrezkian eta kontsumoan eragina duten indarrek, eta nola eragiten dioten politika publikoek pertsonen eguneroko bizitzari.

Ikasgaiak teoria ekonomikoaren oinarriak emateaz gain, datuak interpretatzen eta ekonomia bere testuinguru errealean ulertzeko kontzeptuak aplikatzen ere irakatsiko dizu, familiako erabakietatik mundu mailako aldaketetaraino, horretarako teoria eta praktika uztartzen dituen metodologia erabiliz.

 

Fisika eta Kimika 

Irakasgaia batxilergoko lehen mailako bi bloketan banatzen da: alde batetik, kimika-blokea eta, bestetik, fisika-blokea. Ikastaro honetan, alde batetik, ikasleek aurreko ikasturteetan eskuratutako ezagutzetan sakontzen dute eta, bestetik, bigarren mailara begira beharrezkoak izango zaizkien ezagutzak eskuratzen dituzte (erreakzio kimikoen errendimendua, mugimendu parabolikoak, sistema konplexuen azterketa dinamikoa...)

 

GZei Aplik Matematika I

Ezagutza matematikoak gizarte-zientzietako egoera eta fenomeno desberdinetan aplikatzea du helburu, eguneroko jardueretarako prozesuak interpretatzeaz gain.

Aritmetika eta aljebra (zenbaki errealak, aljebra), analisia (funtzioak, funtzioen limiteak, deribatuak eta horien aplikazioak) eta estatistika eta probabilitatea landuko dira.

Hautazko hau aukeratzen bada batxilergoko bi urteetan zehar egitea derrigorrezkoa da.

 

Matematika I

Helburua hauxe da: hainbat zientziatan guztiz beharrezkoak diren jakintza matematikoak ezagutzea eta zenbait kasutan aplikatzea. Sei atal garrantzitsu lantzen dira: Aritmetika (zenbaki errealak batez ere), Aljebra (ekuazioak, ekuazio-sistemak, adierazpen aljebraikoak…), Trigonometria (arrazoi trigonometrikoak, aplikazioak), Geometria Analitikoa (bektoreak, zuzena…), Analisia (funtzioak, limiteak, deribatuak…) eta Probabilitatea.

Hautazko hau aukeratzen bada batxilergoko lehen mailan, bigarren mailan “GZei Aplikatutako Matematika”ra aldatzeko aukera dago.

 

Greko I

Grekoaren helburu nagusia kontzientzia kritiko eta humanista garatzea da, heleniar zibilizazioak europar identitateari egindako ekarpenak ulertu eta aztertu ahal izateko, lehen mailako iturriak irakurriz eta ulertuz, eta itzulpen-teknikak eskuratuz, ikasleek Greziako Antzinarora sartzeko iturri horiek erabil ditzaten, alderdi nagusiak ezagutu, ulertu eta interpretatzeko tresna pribilegiatu gisa. Horregatik, irakasgai hau hiru ardatzen inguruan egituratzen da: testua, bere ulermena eta itzulpena; heleniar mundurako hurbilketa kritikoa; eta greziar zibilizazioaren ondarearen eta legatuaren azterketa.

 

IKT

Azken hamarkadetan, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek aldaketa sakonak eragin dituzte giza jardueran. Teknologia horietan oinarritutako aplikazioen ugaritzeak eta horien erabilerak zeregin errepikakorrak eta prozesu sortzaileak pixkanaka digitalizatzea ekarri du.

Gaitasun-ikuspegia lortzeko, jakintza horietako batzuk testuinguruan kokatutako proiektuen baten bidez lor daitezke. Proiektu horretan, ikasleek ezagutza teorikoak aplikatuko dituzte eduki bat sortzeko (dokumentuak, bideoak, irudiak, podcast...), edo arazo bati edo aurrez planteatutako behar bati irtenbide teknologikoa emateko. 

 

 Latin I 

Latinaren helburu nagusia kontzientzia kritiko eta humanista garatzea da, zibilizazio latinoak europar identitateari egiten dizkion ekarpenak ulertu eta aztertu ahal izateko, lehen mailako iturriak irakurriz eta ulertuz, eta itzulpen-teknikak eskuratuz, ikasleek erromatar Antzinarora sartzeko iturri horiek erabili ahal izan ditzaten haien alderdi nagusiak ezagutzeko, ulertzeko eta interpretatzeko tresna pribilegiatu gisa. Horregatik, materia hiru ardatzen inguruan egituratzen da: testua, bere ulermena eta itzulpena; erromatarren mundurako hurbilketa kritikoa; eta latindar zibilizazioaren ondarearen eta legatuaren azterketa.

 

Literatura Unibertsala

Irakasgai honetan, kultura unibertsalaren erreferentzia bihurtu diren literatura-testuak irakurtzen ditugu, testuingurua, gaiak, edukiak eta lanen ezaugarri estilistikoak zehaztuz eta literaturaren eta gainerako arteen arteko harremanak, antzekotasunak eta desberdintasunak interpretatuz. Irakasgaiak bi atal nagusi ditu: teoriaren azterketa eta irakurketen analisia.

 

Marrazketa Teknikoa I

Marrazketa Teknikoak, Batxilergoko 1. mailan, hizkuntza grafiko unibertsalean barneratzen ditu ikasleak, funtsezko tresna baita Arkitektura, Ingeniaritza eta Diseinu arloetan.

Ikasturtean zehar, geometria laua lantzen da. Bertan, eraikuntza geometrikoak, planoaren transformazioak eta irudien propietateak aztertzen dira. Geometria deskribatzailea, adierazpen-sistemen bidez (diedrikoa, axonometrikoa eta cavalieri-a) hiru dimentsioko irudikapena egiteko aukera ematen duena. Gainera, normalizazio teknikoa lantzen da, objektuak zehaztasunez eta argitasunez irudikatzeko gaitasuna garatuz.

Ariketa praktikoen bidez, espazio-ikuspegia eta pentsamendu logikoa sustatzen dira, eta irudikapen grafikoak zorroztasun teknikoz interpretatzen eta sortzen ikasten da.

Irakasgai hau oinarri sendoa da, besteak beste, Arkitektura, Ingeniaritza, Industria Diseinua, Arte Ederrak edo Topografia bezalako ikasketa tekniko eta sortzaileetan trebatzen jarraitu nahi dutenentzat.

 

Mundu Garaikidearen Historia

Irakasgai honen helburua ikasleei historia garaikidearen ikuspegi zehatza eta erabilgarria ematea da, haien ingurune errealaren azterketa eta gizarte-bizitzan duten parte-hartzea sustatzeko. Horretarako, metodologia historikora hurbilduko dira, iturri historikoekin lan eginez.

Era berean, landutako ezagutza eta pentsamendu kritikoa adierazteko gaitasuna lortuko dute, eta, ikerketa-proiektuen bidez, XXI. mendeko erronka nagusiak ezagutuko dituzte, arreta berezia jarriz edozein motatako menderatze edo diskriminazioaren aurkako borrokan.

 

Teknologia eta Ingeniaritza I

Gaur egungo gizartean, ingeniaritzek teknologia garatzea bihurtu da bilakaera soziokulturalaren ardatz nagusietako bat. Azken aldian, teknologiak, beharrizanei irtenbidea eman nahi dieten ezagutza eta tekniken multzo gisa ulertuta, gero eta garrantzi handiagoa du gizarteko hainbat eremutan. Horregatik, aukerakoa oso interesgarria da ingeniaritza edo goi-mailako prestakuntza-ziklo tekniko bat egiteko. Proiektuen bidez landutako jakintzak honako hauek dira: Ikerketa- eta garapen-proiektuak, Materialak eta fabrikazioa, Sistema mekanikoak, Sistema elektriko eta elektronikoak, Sistema informatikoak. Programazioa, sistema automatikoak eta teknologia iraunkorra.

 

Adierazpen Artistikoa I 

Ikasgai hau artea adierazpen- eta komunikazio-modu gisa aztertzeko gonbidapena da. Ikasturtean zehar, ikasleek behatzeko eta irudikatzeko gaitasuna garatzen dute marrazkiaren, ilustrazioaren eta diseinuaren bidez, teknika eta sormena uztartuz. Hainbat material eta estilorekin esperimentatzen da, arte-askatasuna eta pentsamendu kritikoa sustatuz.
Errealismotik hasi eta interpretazio pertsonalera iritsi arte, ideiak modu bisualean islatzen ikastea da helburua. Gainera, artea gai sozial eta kulturalekin lotzen duten proiektuak lantzen dira.
Adierazpen Artistikoak Batxilergoko 1. mailan oinarriak ezartzen ditu 2. mailan jarraitu nahi dutenentzat, teknika eta proiektu konplexuagoetan sakonduz. Ezin hobea da beren sentsibilitate artistikoa eta komunikatzeko gaitasuna sortzen eta garatu nahi duten ikasleentzat.


Anatomia Aplikatua

Anatomia aplikatua irakasgaiaren helburua ezagutza zientifikoa eta giza gorputza lantzea da, eta giza motrizitatea, gorputzaren adierazpen artistikoa eta osasuna ulertzen laguntzea.

Irakasgaiaren alderdi praktikoak pisu handia du. Ikasturtean zehar artikulazioen, buruaren, bizkarrezurraren, giltzurrunen eta biriken disekzioak egingo dira. Metodologia erabat kooperatiboa izango da, taldeetan lan egingo du eta pisu handia emango dio ikasleari.

 

Frantsesa I 

1. DBHtik Batxilergoko 2. mailara, frantses hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna garatzen da ikasgaian, modu  progresiboan eta ezagutza sozio-kulturalak uztartuz. Batxilergoan DBH-n landutakoaren jarraipena egiten dugu, ikasle bakoitzaren abiapuntua kontutan hartuz beti ere. 

Urrutiko Hizkuntz Eskolarekin kolaboratzen dugunez, aukera dago A2 eta B1 tituluetarako azterketak prestatzeko. 

 

Nafarroako Gª. eta Hª. 

Nafarroako Geografia eta Historia ikasgaiaren helburua da ikasleek bizi diren lekua ezagutzea eta balioestea.

Pentsamendu historikoaren ikuspegiak bizi den errealitatea behatzen, interpretatzen eta ulertzen laguntzen du, eta geografiak pertsonen eta lurraldearen arteko elkarreragin eta interdependentzia konplexuak aztertzen ditu, bizi diren espazioa deskubritzeko.

XXI. mendean Nafarroak dituen erronka eta arazo nagusiez aritzea funtsezkoa da ikasleen heldutasun intelektuala eta pertsonala gauzatzeko. Iragana aztertzea, aurretik izan ditugun emakumeen eta gizonen esperientzia indibidualak eta kolektiboak, ezinbesteko erreferentzia da egungo mundua ulertzeko. Gainera, legatu aberatsa da, eta aintzat hartu, kontserbatu eta transmititu egin behar da, aurreko belaunaldien memoria kolektibo eta ikaskuntzarako iturri baita.

 

Euskara Hobetzen

Bi dira hautazko ikasgai hau eskaintzeko arrazoiak. Lehena, ikasleek komunikatzeko gaitasuna —idatzizkoa nahiz ahozkoa— ahalik eta gehiena gara dezaten, egungo gizartean gero eta garrantzitsuagoa baita gaitasun hori landuta izatea. Eta bigarrena, C1 probarako berariaz trebatzeko aukera eduki dezaten.

 

Oral Presentations and Projects

Proiektu metodologiarekin ikasleek, ingelesa hobetzeaz gain, egoerak erakargarriak eta aberasgarriak biziko dituzte, zentzu kritikoa lantzen. Besteen artean aldizkaria sortzea, liburu azala diseinatzea, filma bikoiztea, ikasbidaia antolatzea, errezeta-liburua egitea edo irrati-programa igortzea.

 

Batxillergoa 2


 


DESKARGATU

 

IKASGAIEN INFORMAZIOA

 

Artearen Historia 

Artearen Historia ikasgaiaren helburua da gertakari artistikoa bere alderdi eta dimentsio askotarikoan aztertzea, ez soilik ikuspegi historikotik –estiloak, lanak eta artistak kultura eta denbora aldetik testuin- guruan jarriz–, baizik eta giza adimenaren eta sormenaren adierazpen gisa ulertuta, inguratzen gaituen errealitatea ulertzen eta hobetzen ahalegintzen dena, arte hizkuntzaren eta jardueraren bitartez.

 

Biologia 

Batxilergoko bigarren mailako Biologiaren helburu funtsezkoa da ikaslearen prestakuntza zientifikoa bultzatzea eta sustatzea, zientziak ikasteko duen bokaziotik abiatuta; metodo zientifikoa ohiko lan tresna gisa sendotzen laguntzen du, honako hauen pizgarri: jakin-mina, arrazoitzeko ahalmena, hipotesi eta diseinu esperimentalen planteamendua, datuen interpretazioa eta problemen ebazpena; orobat, hurrengo ikasketei segida emateko behar diren gaitasunak eskurarazten dizkio ikasleari.

Biologiaren aurrerapen eta aurkikuntza handiak modu etengabe eta jarraituan etorri dira azken hamarraldietan; haiei esker herritarren bizi maila hobetu eta gizarteak aurrera egin ez ezik, eztabaidak piztu dituzte, alor desberdinetan duten eragina dela-eta (gizartean, etikan, ekonomian etab.) saihestu ezin daitezkeenak; horien azterketa ere egiten da irakasgaia garatzean.

Enpresa eta Negozio-ereduen Diseinua 

Enpresa eta Negozio-Ereduen Diseinua irakasgaiak aukera ematen du ekintzailetzaren eta berrikuntzaren munduan murgiltzeko. Ikasgai honen bidez, enpresek barrutik nola funtzionatzen duten, benetako arazoak konpontzeko ideia sortzaileak nola garatzen diren eta ideia horiek negozio-eredu errentagarri eta jasangarri nola bihurtzen diren jakiteko aukera izango du ikasleak.

Ikasleek merkatuko aukerak identifikatzen, joerak aztertzen eta enpresa-estrategia on baten garrantzia ulertzen ikasiko dute. Kontua ez da soilik kontzeptuak ulertzea, baizik eta ikasitakoa aplikatzea negozio-eredu propioa sortzeko eta diseinatzeko.

 

Geografia 

Geografiaren aztergaia espazio geografikoa da, eta haren helburua, berriz, lurralde hori denboran zehar modelatzen duten prozesu naturalak eta giza prozesuak ulertzea eta holistikoki azaltzea. Espazio- eta denbora-kontzientzia duten izaki gisa, pertsonek inguruko errealitatearen interpretazio hori behar dute, lurraldearen pertzepzio pertsonal eta kolektibotik eta bizi-esperientziak garatzen diren une eta egitura sozialetatik harago. Batxilergoko ikasgai honetan, azterketa geografikoaren eskala Espainia eta Nafarroa dira nagusiki, baina Europari eta munduari begiratzen dien ikuspegi baten barruan, zeina beharrezkoa baita mundu garaikidearen errealitateak ezagutzeko eta kritikoki baloratzeko.

 

GZei Aplik Matematika II 

“GZei Aplik Matematika I” irakasgaiaren jarraipena da. Ezagutza matematikoak gizarte-zientzietako egoera eta fenomeno desberdinetan aplikatzea du helburu, eguneroko jardueretarako prozesuak interpretatzeaz gain.

Álgebra (matrizeak, ekuazio sistemak eta programazio lineala), analisia (funtzioak, funtzioen limiteak, deribatuak eta horien aplikazioak, funtzio en adierazpen gráficos, integralak) eta  probabilitatea eta estatistika inferentziala landuko dira.

 

Fisika 

Batx 1. mailan ikusi ez diren gaiak lantzen dira: Grabitazioa, Elektromagnetismoa, Uhinak, Optika eta Fisika Modernoa. Ingenieritzetaz gain, medikuntza edo fisioterapia bezalako ikasketak egin nahi ezkero, gomendagarria den ikasgaia da.

 

Kimika 

1. batxilergoko kimikan lortutako ezagutzetan sakontzea du helburu, pentsamendu zientifikoa garatuko duen ezagutza kimiko sakonagoa lortzeko. Ikasgaia 3 bloke nagusietan antolatzen da: atomoa, sistema periodikoa eta lotura kimikoa; erreakzio kimikoen alderdi aurreratuak (zinetika eta oreka kimikoa, azido-base erreakzioak eta erredox erreakzioak) eta kimika organikoa. 
 

Marrazketa Teknikoa II 

Marrazketa Teknikoak, Batxilergoko 2. mailan, irudikapen grafikoan eta arazo espazialak zehaztasun handiagoz ebaztean sakontzen du.

Xehetasun handiz aztertzen dira: Geometria Lau aurreratua, trazadura konplexuagoekin eta diseinu teknikoan aplikazioekin. Geometria deskriptiboa eta irudikapen-sistemak (batez ere sistema diedrikoan sakonduz), arazo espazialak ebaztera eta hiru dimentsioko bistaratzera bideratuak. Egitura konplexuei aplikatutako normalizazioa eta marrazketa, ikasleak goi-mailako ikasketetan aplikatzeko prestatuz.

Ikasgaiak azterketa, egituraketa eta komunikazio bisualerako gaitasunaren garapena sustatzen du, ikasleak erronka grafiko aurreratuagoei aurre egiteko prestatuz.

Irakasgai hau funtsezkoa da Arkitekturan, Ingeniaritzan, Industria Diseinuan, Arte Ederretan, Interiorismoan eta beste diziplina tekniko eta sortzaile batzuetan goi-mailako ikasketak egiteko, eta, gainera, trebetasun baliotsuak eskaintzen ditu plangintza eta irudikapen grafikoarekin lotutako arloetan.

Matematika II

Es la continuación de "Matemáticas I". El objetivo es conocer y aplicar los conocimientos matemáticos necesarios en determinadas ciencias. Se trabajan cinco apartados importantes: Álgebra (matrices y sistemas de ecuaciones principalmente), Geometría Analítica (vectores espaciales, plano, recta), Análisis (funciones, límites, derivados, integrales) y Probabilidad.

 

Teknologia eta Ingeniaritza II 

Batxiller 1. mailan ematen den Teknologia eta Infeniaritza I ikasgaiaren jarraipena da eta sakontzen da oinarrizko jakintza berdinetan,  ikaslea Goi Mailako Heziketa Ziklo batera  edo Ingenieritza batera bideratzeko.  Proiektuen bidez landutako jakintzak dira: Ikerketa eta garapen proiektuak, Materialak eta fabrikazioa, Sistema mekanikoak,  Sistema elektriko eta elektronikoak, Sistema informatikoak. Programazioa, Sistema automatikoak eta Teknologia jasangarria.

 

Adierazpen Artistikoa II 

Adierazpen artistikoari esker, ikasleek beren estiloa gara dezakete Batxilergoko 2. urtean, eta proiektu pertsonalagoei eta sortzaileagoei ekin diezaiekete.

Akuarela, tinta txinatarra edo kolore-arkatza bezalako teknikekin lan egiten da, ikusizko irudikapen-forma desberdinak arakatuz. Gainera, kontzeptuen diseinuan, ilustrazioan eta interpretazio artistikoan sakontzen da, marrazketa zientifikoa eta hura adierazpen pertsonal eta sortzaile bihurtzea barne.

Ez da ezinbestekoa irakasgaia Batxilergoko 1. mailan egin izana, esperientzia-maila desberdinetara egokitzen baita. Arte-sorkuntzarekiko eta ikus-komunikazioarekiko interesa da garrantzitsuena.

Ikasgai hau artea esperimentatzeko, hausnartzeko eta gizartearekin konektatzeko gune bat da, Arte Ederretan, Diseinuan, Arkitekturan edo Ilustrazioan ikasteko baliagarriak diren trebetasunak garatuz.


Administrazio eta Kudeaketa Oinarriak 

Irakasgai erakargarria da enpresa-munduan interesa duten eta erakunde guztiek nola funtzionatzen duten ulertu nahi duten ikasleentzat. Ikasturtean zehar, administrazioaren, giza baliabideen kudeaketaren, plangintza estrategikoaren eta erabakiak hartzearen oinarrizko kontzeptuak aztertzen dira erakunde-maila guztietan. Kasu praktikoen eta lankidetza-proiektuen bidez, ikasleek administrazioaren eta enpresa-kudeaketaren ikuspegi integrala hartzen dute. Irakasgai honek, ikasleak lan-munduaren erronkei aurre egiteko prestatzeaz gain, oinarri sendoa ematen die beren ikasketak ekonomian, marketinean edo enpresen administrazioan jarraitu nahi badituzte.
 

Frantsesa II 

1. DBHtik batxilergoko 2. mailara, frantses hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna garatzen da ikasgaian, modu  progresiboan eta ezagutza sozio-kulturalak uztartuz. Batxilergoan DBH-n landutakoaren jarraipena egiten dugu, ikasle bakoitzaren abiapuntua kontutan hartuz beti ere. 

Urrutiko Hizkuntz Eskolarekin kolaboratzen dugunez, aukera dago A2 eta B1 tituluetarako azterketak prestatzeko. 

 

IKT-n sakontzen 

Ikasgai honen helburua IKTko edukietan sakontzea da, arreta berezia emanez gaur egungo eta etorkizuneko Teknologien gai garrantzitsuetako batzuk: Segurtasun informatikoa, Programazioa (Scratch, Arduino eta Phyton), Edukien zabaltzea (WordPress) eta Komunitate birtualak eta Sare sozialak. Ikasgaia proiektuen bidez burutuko da.

 

Jarduera Fisikoak 

Bi helburu ditu irakasgai honek: alde batetik, jarraipena ematea derrigorrezko hezkuntzan egindako lanari eta landutako funtsezko erronkei, esate baterako, ikasleek bizimodu aktiboa sendotzea, kultur adierazpenez gozatzea, jarrera arduratsuak modu aktiboan garatzea eta mugimendu egoerak ebaztea. Elementu horiek lagungarriak dira ikasleak motrizitateari dagokionez konpetenteak izan daitezen.

Bestetik, ikasgaia ahaleginduko da jarduera fisiko eta kirol aukera multzo zabal bat aurkezten (kontutan izanda azkeneko hamarkadan mundu hau zenbat eta nola aldatu den), ikasleengana hurbiltzeko lanbide eta ikasketetarako aukera horiek, dela unibertsitatean dela lanbide heziketan edo kirol irakaskuntzetan landu daitezkeenak.

Oral Practice for B2

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko (NUHEO) programan egonda, ahozko praktika hau programa honetan lortu behar den mailarekin lotuta dago, B2. Ahozko ingelesa lantzen da bereziki   gainerako trebetasunak landu daitezkelarik, EOIDNAren azterketa-eredua azpimarratuz. Ikasgaia egiteko EZ DA BEHARREZKOA NUHEO PROGRAMAN MATRIKULATUTA EGOTEA.

Psikologia

Psikologia, hautazko irakasgaia da bigarren batxilergoan. Gizakiaren gogamen prozesu denak aztertzen ditu, oinarri biologikoetatik abiatuta, nerbio sistema eta sistema endokrinoa lantzen dira, kanpo estimuluak, sentsazio bidez hautematen ditugunak, nola prozesatzen ditugun aztertzeko eta beraz, gizakiak bideratzen dituen erantzunak nondik sortzen diren ulertzeko. Egoeretara egokitzea da gizakiaren eguneroko erronka, eta horretan parte hartzen duten oinarrizko prozesu psikologiak ezagutzea du helburu: Pertzepzioa, arreta, oroimena, ikaskuntza eta motibazioa eta nortasunaren eraikuntza bera. Gizakiaren madurazio faseak aztertuko dira eta nola doazen oinarrizko prozesu psikologiko denak uztartzen. Emozionalitateak duen garrantzian ere sartuko gara eta gizakiaren jokabidean duten ezinbesteko papera aztertuko da. Horrez gain, psikologia sozialaren baitan ere sartuko gara, kulturak, ohiturek, sinesmenek, banakoetan duten ezinbesteko eragina aztertzeko.