Erdi Aroko Iruñera bisita

2025/11/25

Pasa den azaroaren 24an DBH 2. mailako ikasleekin egun berezia pasatzeko aukera izan genuen. Izan ere, Erdi Aroko Iruñea hiriaren kaleak eta bere harribitxietako bat, katedrala, bisitatzeko aukera izan genuen, gymkana moduko proba batzuk osatzen genituen bitartean. 

Matematika eta Geografia eta Historia mintegiek antolatu zuten, elkarlanean, baina ezinezkoa  izanen litzateke DBH 2. mailako tutore zoragarrien laguntzarik gabe. 

Ikasle batzuek eguna Iruñeko kaleetan hasi zuten, beste batzuek katedralaren labirintoa bisitatzen zuten bitartean. Kalean, euripean izanda ere, Kondestable jauregiaren zoladuraren harri kopurua kalkulatzen edo Udaletxe plazan neurketak egiten aritu ziren (Udaletxe plazan txupinazoan zenbat pertsona sartzen ote diren jakin nahi baduzue, galdeiezue bigarren mailako ikasleei!)

Katedralaren barruan, Xabik eta Maialenek katedralaren historia kontatu ziguten, burguen, gerren eta are lurrikaren artean bere harrietan idatzitakoa. Nafarroako errege-erreginen armarriak ikusi genituen harrietan margotuta, katedralaren azpian aurkitutako aztarna arkeologikoak aztertu genituen (ume txiki baten hezurdura dago!) eta amaitzeko, katedralak egin berri dituen erraldoi dotoreak dantzan irudikatu genituen. 

Asko ikasi genuen, burua eta gorputza astindu genituen eta gure arteko elkarlana, kohesioa eta laguntasuna sendotu genituen. Eguna ezin hobea izan zen!