USPko emaitzak ez argitaratzeko erabakia

2026/04/24

Askatasuna BHIko hezkuntza-komunitateari zuzenduta:


Askatasuna BHIko Klaustroaren izenean, USPren emaitzen argitalpenaren inguruan egindako hausnarketaren ondorioz hartutako erabakiaren berri eman nahi dizuegu: gure institutuak ez ditu hemendik aurrera USPko emaitzak publiko eginen eta argitaratzen den epaimahai eta zentroen taulan honako oharrarekin agertuko da: "Ikastetxeak ez du informazioa ematea beharrezkoa irizten".


Lehenik eta behin, USPren sailkapen edo emaitza-taulen argitalpenak proba jakin bat marketin tresna bihurtzen duela uste dugu, hezkuntzaren benetako zentzua desitxuratuz. USPk ez du guztiz islatzen urteetan zehar garatzen dugun hezkuntza-prozesu konplexua. Prozesu horretan ikasleen hazkunde pertsonala, konpetentzien ikaskuntza, balioen eskuratzea eta garapen integrala egun bateko emaitza akademikoen gainetik jartzen dugu.


Gainera, datu horien argitalpenak zentroen arteko alderaketak sustatzen ditu, eta horrek, onuragarriak izan beharrean, presio desegokiak sor ditzake irakasle eta zuzendaritza taldeetan. Lehiakortasun logika horrek ez du bat egiten gure eskola publikoaren ikuspegiarekin, ez baitugu ezer ezkutatzeko edota erakusteko beharrik. Gure helburua ikasle bakoitza bere gaitasun, interes eta egoeraren arabera laguntzea da.


Bestalde, beste hezkuntza-sistemetan salatu izan den bezala, rankingek dinamika kaltegarriak sor ditzakete, hala nola, ikasleak probetara aurkeztea saihestuz edo desanimatuz, zentroaren arrakasta-estatistikak babesteko helburuz. Askatasuna BHIren lana bestelako norabide batean doa: irudi instituzionalaren interesen gainetik ikasle guztiak beren helburuak lortzeko bidean laguntzea, haien garapen integrala lehenetsiz.


Gure erabakiak ez du ikastetxeko emaitzak ezkutatzeko inongo helbururik. Printzipio pedagogikoetan eta hezkuntza-ekitatearen aldeko defentsan oinarritzen da, eta ez emaitzen unean uneko komenentzian. Ildo honetatik, beste ikastetxe batzuek egin duten moduan, gure hausnarketa egin dugu eta gure ikasleen datuen pribatutasuna zaintzea besterik ez dugula nahi erabaki dugu.


Gure konpromisoa ikasleekin eta familiekin da, ez komunikabideekin. Seriotasunez, profesionaltasunez eta zerbitzu publikoarekiko bokazioz jarraituko dugu lanean, konbentzituta baikaude taula estatistiko hotzek ez dutela benetako hezkuntza-kalitatea neurtzen edota erakusten.
Eskerrak eman nahi dizkiogu gure hezkuntza-komunitateari emandako konfiantzagatik eta ulermenagatik, eta lerro hauek gure erabakiaren zergatiak argitzeko balio izatea espero dugu. Ez da inprobisazioan eta interesetan oinarritutako erabakia, irakasleriaren hausnarketa sakonetik ateratako erabakia baizik.

ASKATASUNA BHIko KLAUSTROA

Burlatan, 2026ko apirilaren 13an